XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Heziera honek, ordea, ba ditu bere aurrezteak, lehen haroetan bakoitza bere mailan sortuak.

Hauen muinetan ikusten ditugu gaurkoaren erroak.

Ikas ditzagun beraz geure Herriaren bizikera eta ibilaldiak, lehen urratsei begira, nahiz eta mengel eta ilunarranak izan ikusbira hori argitzen dabilzkigun zuziak.

Ikaslan haundia dugu hau.

Hona hemen beronen oinharri eta iturburuak: Euskal Herriko lehen bizitzak, azterrendegiak eta etxegintzak, alegia.

Itsasaldean nahiz lurbarru, mendi eta ibarretan, ba ditugu non nahi lehen gizakien bizileku, lehorpe eta hilarrien oroi eta ezagugarriak.

Zuberoako Etxeberritik hasi eta, Isturitzen, Aizpitarten, Aralarren, Urbasan, Txarratun, Anboton, Toloñon eta Santimamiñen zehar, ba dira hor lehenagokoen sutondo, aterpe eta elizaño ugari; bai eta trikuharriak eta harrespil edo mairubaratzeak ere ehunka.

Toki horietan azterketak egiten ibiliak dira ikastzale batzuk, bai eta aztarna asko aurkitu eta Euskal Herriko museuetan bildu ere.

Isturitzekoak, ordea, urrunago dira: St. Germain-en-Lay izeneko herrian.

Aztarna horien berri liburu edo idazki askotan ikas genitzake.

Ez da aski ordea horrelako iturrietan ura edatea eta lehen hezieraren edo jakiundeen gaiak biltzea: giza hezurrak bildu eta elkarrenganatzea ez baita gizakia piztea.